Taldearen historia

Urdaibai Dantza Taldearen historia Euskal Kulturea aurrera atarateko aparteko indarra behar zan sasoian hasten da.1969an Gernika-Lumoko Elai Alai Dantza Taldean dantzan egiten eben forutar gazte talde bat batu eta herrian bertan dantza taldea sortzea erabagi eben. Javier Irazabal izan zan hasieretako sustatzaile nagusia, taldearen sortzailetzat hartzen dabe eta gaur 43 urte geroago jarraituten dau bertan.

Taldearen guraririk nagusiena herriko bertako tradizinoak berreskuratutea izan da; Inazio Deunaren egunean dantzatzen ziran Erregelak edo Eleizaldeko Aurreskuak esate baterako, eta urteotan taldeak batu dauan errepertorio zabalaren parte diranak. 25. urteurrenean Natxo Zalabarriak idatzitako “Urdaibai (1969/1994)” Urdaibai Dantza Taldeari buruzko liburuan agertuten dan lez taldekideek lan ikerketa ikaragarria egin eben. Inguruko dantzari eta txistulariekaz batu ziran, herriko dantza honeen gainean sakonduteko eta ikasteko. Lumoko Bittor Olaeta dantzari ezagunagaz osatu eben euren ikerketea eta ikastaldia, 1981ean inguruan.

Aurrerago, Foruko erromerietan erabilten eben janzkera tradizionala berreskuratzen hasi ziran. “Proiektua egin genduan eta udalak lagundu euskun.
Adituengana jo genduan, herrriko jende nagusiagaz egin genduan berba, antzinako argazkiei erreparatu…. Eta lehenagoko moduko erropea erabilten hasi ginen, Inazio Deunaren erromerian”.

Talde forutar izaera irekia eta parte hartzailea daukon taldea. “Taldea zabalik dago, jendea geugana hurreratutea gura dogu. Mutil gazteak batutea gura geunke, ze gaur egun ez dago belaunaldi erreleborik”.

Gaur egun taldea bitan banatuta dago, umeen taldea, 40 neska mutilegaz eta helduen taldea, beste hainbeste dantzarigaz. Barikuro batzuek zein besteek udalak uzten deutsen aretoan entsaiatzen dabe. 1970 urtetik hona talde lez ibili dira eta hainbat dantza erakustaldi burutu dabez San Kristobal jaietan, baita bestelako jai eta gertakizunetan be, baina batez be herrikoetan.